XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gu, antza, ez ginen, abilegiak, ez eta lehiatsuegiak ere, eta saiakerak ezerezean geratu ziren.

Hobe zen ate joka jarraitzea baino, inori deus esan gabe isilean abiatzea; azken batean, esperientzia gurea eta ez beste inorena izango zen.

Bidaia Iratiko sutondoan hasi zen, beraz; baina, zer da bidaia?

Amaiera jakinik gabeko bidaia? Ametsetakoa?

Helmuga jakinik gabekoa? Nora gindoazen?

Ihesean? Zertara? Zergatik? Ametsa ote zen soilik? Erronka? Erokeria? Abentura?

Asiarako bidaia amets batetik esnatu zen, eta ilusio, gogo eta bizitzeko grinak errealitate bilakatuko zuten.

Ez zen erokeria, ez zen erronka, ez zen abentura ere, bizitza bera baizik, egunez egun Asian egingo genuen bizitza pusketa.

Loturak, beldurrak, ziurtasuna, lagunak, familia eta Euskal Herria utzita abiatu ginen Asiarantz.

Jakin bagenekien hamaika une latz eta beste hamaika goxo bizitu beharko genituela, baina dastatu ahal izateko, gozatu ahal izateko, abiatu beharra zegoen; behin ere izan ez zena, izaten ahal zen.

- Aizan Ttiki, sekulako traste andana pilatzen ari zaidan; lozakua, denda, liburuak, mapak... eta erreminta eta aldagailuak... pisu ederra diten!

Ez zekinat guztia eramateko gai izango ote naizen.

- Tira, tira, ez hadi abiatu aitzinetik kexaka hasi.

Ez haiz hi gorputz heziketako irakasle sasoitsu eta prestua?

Txundituta uzten ditun ikasleak hire gorpuzkera ttiki horrekin.

- Isil hadi, gorrituarazi egin behar naun.

Gainera, ez dun hainbesterako. Eta... pisu guzti hau...

- Begira, nahi ala ez, eraman beharra zeukanagu.

Eta, parazan pisuan. Zenbat dun?

- Ene, 55 kilo!

Zerbait kentzen hasi behar dinat.

Ea, zer ez dun nahitaezkoa...